3. JUSTIZIA JAUREGIA

 

3. PROPOSAMEN DIDAKTIKOA

JUSTIZIA JAUREGIA

Proposamenaren helburua:

Ikasleek beren herriko epaitegia edo justizia-jauregia ezagutzea, bai eta eraikin hauek osatzen dituzten organismoak eta beren eginkizuna ere, bisita egitean ikus daitekeenaren arabera.

Aurreikusitako jarduerak:

1.‑Non dagoen eta nolakoa den

2.‑Epaitegi edo justizia-jauregi batean zer egiten den

3.‑Judizioak nola egiten diren. Galderak

4.‑Zinpekoen epaimahaia

DBHko lehen ziklorako jarduera egokienak:

 

1. eta 3. jarduerak.

DBHko bigarren ziklorako jarduera egokienak:

 

Jarduera guztiak, bereziki 2. eta 4.

 

 

Irakasleentzako informazioa

 

Proposatzen den jarduera hau Erakundeetara Bisita egiteko Planaren barruan sartzen da. Ikasleak justizia-jauregira eramaten ez badira, jarduera hauek baztertu edo birplantea daitezke. Hala ere, orain arte egin diren proposamen didaktikoak lasai asko egin daitezke, bisita hau egin ez arren ere.

 

 

3.1. Jarduera: Justizia Jauregia non dagoen eta nolakoa den

 

1.     Ikasleei herriko planoa eskuratuko zaie.

2.     Mapa horretan eraikin ofizialak kokatuko dituzte: udaletxea, merkatua, posta, ... eta epaitegia edo justizia-jauregia.

3.     Planoan kokatzeko, helbidea, telefonoa, etab. bilatu beharko da.

4.     Ikasleei proposatuko zaie deskriba dezatela idatziz, krokis baten bidez, egunkarietako zatiekin zein argazkiekin eraikina nolakoa den kanpotik. Era berean proposa daiteke, haren irudia, xehetasunak edo adierazgarria den ezaugarriren bat marrazteko, deskribatzeko, seinalatzeko edo ebakitzeko.

5.     Azkenik, elkarrizketa egingo zaie justizia-jauregira zerbaitetara (ezkontza batera, jaiotza-ziurtagiria egitera, zitazio bati erantzutera, idazki bat entregatzera, ...) joan diren edo han zer egiten den entzun duten ikasleei, informazioa biltzeko.

6.     Ikastaldekoren bat justizia-jauregian izan bada, deskriba dezala nolakoa den, zer inpresio eman dion.

7.     Informazio horretan guztian oinarrituz, ikasle bakoitzak herriko justizia-jauregiari buruz buruan duena deskribatu beharko du idatziz.

 

3.2. Jarduera: Epaitegi edo justizia-jauregi batean zer egiten den

 

 

Aurreko jarduera hartuko dugu oinarritzat, “intuizioz” ahalik eta informazio gehien bildu baita bertan.

Irakasleak informazioa jasotzen duen fitxa eskuratuko die ikasleei, bisita egitean datuak jaso ahal izan ditzaten eta justizia-jauregi batean egon daitezkeen organismoak zeintzuk diren jakin dezaten. Hobeto uler dezaten, hobe idatziz ematea eta guztien artean irakurtzea, sor daitezkeen zalantzak azaldu ahal izateko (2.3.2. jard.).

 

 

 

3.3. Jarduera: Judizioak nola egiten diren. Galderak

 

 

Jarduera honen bidez ikasleek justizia-jauregira joatean egin dezaketen hainbat galdera proposatzen dira.

Bake-epailea ikastetxera joanez gero ere balio dezake, ikasleek galderak egin diezazkioten.

Bestalde, epaile edo abokatuen elkargoko kideren bat gonbida daiteke ikastetxera, ikasleei judizioak nola egiten diren eta sor daitezkeen gainerako zalantzak azal diezazkien (2.3.3. jard.).

 

 

 

3.4. Jarduera: Zinpekoen epaimahaia

 

 

Irakasleentzako informazioa

 

Zinpekoen Epaimahaiaren Legea 1995eko maiatzean onartu zen. Erakunde hau berria da Estatuko ordenamendu juridikoan. Bere garaian erakunde horrekiko itxaropena handia izan zen arren, euskal herritar gutxik aitortzen du EAEko zinpekoen epaimahai batean parte hartzeko prest egongo zenik; aitzitik, aurkako jarrera erakusten dute gehiago, beren auzokoen ekintzak epaitzeko epaimahai batean parte hartuko luketen galdetzen zaienean.

 

Eusko Jaurlaritzak zinpekoen epaimahaiari buruz egindako inkesta batean ondorio moduan atera zen, inkestatutakoen artean, 10etik 8ri ez litzaiokeela gustatuko epaimahai horretan parte hartzea. % 45i ez litzaioke batere gustatuko. % 8k bakarrik izango luke gustuko, eta % 12ri berdin zaio.

 

 

EAEko biztanleak 8 puntu gorago daude Espainiako Estatuko gainerako biztanleekiko, zinpekoen epaimahaiko partaide ez izateko nahiari dagokionez.

 

EAEko hiru auzitegiek jendaurrera atera zutenean zinpekoen epaimahaiko kide izan zitezkeenen zerrenda, herritar asko joan zen zegokion eraikin judizialera bere izena zerrenda horretan ez zegoela ziurtatzeko.

 

Zinpekoen epaimahai bidezko judizioko esperientzia pilotuan, ondorio juridikorik gabekoan, parte hartu zutenek “oso positibotzat” jo zuten. Horien artean, Lemoako José Artabe gazteak azpimarratu zuen “Justizia gizartera hurbiltzeko berebiziko modua dela".

 

(EL PAÍS, 1998ko apirilaren 5a, igandea).

 

 

Horren aurrean, ikasleek seguraski erakunde honi buruzko aurreiritzi eta iritzi nahasi asko izango dute.

 

Jarduera honen helburua da ikasleak zinpekoen epaimahaiko erakundera hurbiltzea, horren inguruan hausnarketa eginez, eta kontuan hartuz adin nagusikoak izan arte ez dutela bertan parte hartzerik izango, eta ordurako erakunde honen jarduteko baldintzak eta inguruabarrak oso bestelakoak izan daitezkeela.

 

Jarduera horren abiapuntua horri buruzko informazioa biltzea izan daiteke, “Entzun eta ikusi duguna” izenarekin bataia daitekeena.

 

Helburua da ikasleek, talde handian, “zinpekoen epaimahai” hitzak oro har esan nahi duena defini dezatela.

 

Definizio horretan oinarrituz, ikasleei proposatuko zaie azal edo konta dezatela “zinpekoen epaimahaiko” kasuren bat, gertakari ezagunen bat dela-eta egunkarietan irakurritakoa. Gauza bera pelikuletan horren inguruan ikusitakoaz, eta aldi berean gogoratzea judizioak agertzen diren pelikulen tituluak eta zein zen horietan zinpekoen epaimahaiko kideen eginkizuna.

 

Ikasleak, kasu bakoitzean, errealitatean nahiz fikzioan, egin izandako prozedurak erreproduzitzen saiatuko dira.

 

Elementu horiek guztiak alderatu eta funtzionatzeko prozedura bat finkatzea da helburua.

 

Puntu horretara heldutakoan, ikasleei orria emango zaie (2.3.4. jard.), eta hura irakurri eta azalduko da jarraian proposatzen den eztabaidari ekin aurretik.

 

 

Eztabaida:

 

¿Gustatuko litzaizuke zinpekoen epaimahai bateko kide izatea?

 

Orria irakurritakoan, eztabaidari emango zaio hasiera, zinpekoen epaimahaiko erakundearen aldeko eta aurkako alderdien inguruan.

 

Ikasleen artean bi talde egingo dira. Horietako bati zinpekoen epaimahaiko abantailak defenda ditzala proposatuko zaio. Besteari, berriz, desabantailak. Talde bakoitzeko bozeramaileak talde bakoitzaren jarrerak defendatuko ditu.

 

Bisitan zinpekoen epaimahaiari buruz egin daitezkeen galderak.

 

Esaterako, guretzat interesgarria izango litzateke jakitea:

 

·     Nola aukeratzen diren zinpekoen epaimahaiko kideak.

·     Zinpekoen epaimahaian parte hartzea obligaziozkoa ote den.

·     Epaimahai horretako kide izatearren kobratzen ote den.

·     Eta eztabaidan sor daitezkeen bestelako galderak...


© 2002 EDEX