2.    GATAZKAK KONPONTZEA

 

 

2. PROPOSAMEN DIDAKTIKOA

GATAZKAK KONPONTZEA

Proposamenaren helburua:

Eguneroko bizitzan pertsonen artean, eskolan, eta herrian izaten diren gatazkei emandako konponbideak oinarri hartuz, Justizian izaten direnetara hurbiltzea.

 

Aurreikusitako jarduerak:

1.-Bizitzako gatazkak konpontzea

2.-Ikastetxeko gatazkak konpontzea

3.-Ikasleen eskubide eta eginbeharrak, gatazkak konpontzeko oinarri gisa

4.- Penal arloko gatazkak konpontzea

5.-Judizio-motak

6.-Bake-epailea

DBHko lehen ziklorako jarduera egokienak:

 

1., 2. eta 5. jarduerak. 3. jardueratik, ikastetxeko Antolaketa eta Funtzionamendu Araudia (AFA) ezagutzea, elkarbizitza eta diziplinari buruzko puntuak.

DBHko bigarren ziklorako jarduera egokienak:

Jarduera guztiak, bereziki 2., 3., 4. eta 5. jarduerak.

 

 

 

2.1. Jarduera: Bizitzako gatazkak konpontzea

 

 

Bizitzan hainbat gatazka sortzen dira, modu ezberdinetan konpontzen ditugunak. Konponbide batzuk besteak baino hobeak dira. Era berean, batzuek besteek baino emaitza hobeak izaten dituzte.

 

1. urratsa: Gatazkak antzematea

 

·        Helburua da eztabaida piztea “gatazka” hitza eta gatazka dagoela diogunean zer ulertzen den jakiteko.

 

·        Ikasleei eguneroko bizitzan izaten diren gatazkak deskribatzeko proposatuko zaie: jabekideen komunitatean, lagunartean.

 

·        Egoera bakoitzari buruzko deskribapena egingo da.

 

2. urratsa:

 

·        Taldeak gatazkak nola konpontzen diren deskribatu beharko du, intuizioz ematen diren urratsak eta egoera “blokeatzen” denean emaitza zein izaten den zehaztuz.

 

 

 

 

3. urratsa:

 

Helburua gatazkak konpontzeko arrazoizko modua bilatzen saiatzea da.

 

Horretarako, ikasleei “gatazka konpontzeko 8 urratsak” testua emango zaie (2.2.1 jard.). Taldean urrats horiek aztertuko dira. Osatu eta hobetu egingo dituzte, alde onak eta txarrak ikusiz.

 

Lehendabizi galdera orokorra egingo zaie, esaterako: Zuen ustez bide hau errealista eta posiblea da?

 

Gero, urratsen hurrenkera eta edukia aztertuko da, proposatutako testuaren arabera.

 

Azkenik, gatazkak konpontzeko balio duen prozedura finkatuko da. Prozedura berriz idatziko da. Adostutako idazkera honek hurrengo jardueretako adibideentzat balioko du.

 

Rol-jokoa:

 

·        1. urratsean deskribatutako egoera bat edo batzuk aukeratuko dira.

·        Bakoitzak rol bat izango du eztabaidan.

·        Labur prestatuko da.

·        Hainbat pertsonaiak parte hartuko dute. Adibidea: A-k gatazka dauka B-rekin jabekideen komunitatean. C komunitateko lehendakaria da eta bitartekari lana egin beharko du, deskribatutako urratsei jarraituz.

·        Antzezpena gauzatuko da.

·        Taldean aztertuko da.

·        Prozedurari buruzko ondorioak aterako dira.

 

 

 

2.2. Jarduera: Ikastetxeko gatazkak konpontzea

 

Helburua da gure iritziz ikastetxean sortzen diren gatazkak antzematea.

 

Fitxen Eranskinean (2.2.2. jard.) jasotako matrizean gatazkak eta horien konponbideak zehaztuko dira. Aurreko matrizeko gatazketatik bat aukeratuko dugu, eta urrats guztiak jarraitu eta antzeztuko ditugu.

 

Konpontzerik badago? Zer egin behar da gatazkak konpontzeko? Ikasleen eta irakasleen eskubide eta eginbeharrak eraentzen dituen arau, lege edo erregelamenduren batek gatazkak konpontzen lagunduko luke?

 

 

 

2.3. Jarduera: Ikasleen eskubide eta eginbeharrak, gatazkak konpontzeko oinarri gisa.

 

Irakasleentzako informazioa

 

Helburua ikasleen Eskubide eta Eginbeharren Dekretua eta ikastetxeko Antolaketa eta Funtzionamendu Araudia (AFA) ezagutzea da.

 

 

Komeni da eskura izatea apirilaren 19ko 160/1994 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrei buruzkoa.

 

Taldeei testuaren kopia bana emango zaie.

 

Eskema hurrengoa da:

 

I. KAPITULUA:

Xedapen orokorrak

II. KAPITULUA:

Ikasleen eskubideak

Lehenengo atala: Kalitatezko hezkuntza orohartzailea izateko eskubidea

Bigarren atala: Eskola konpentsatzailea izateko eskubidea

Hirugarren atala: Parte hartzeko eskubidea

III. KAPITULUA:

Ikasleen eginbeharrak

IV. KAPITULUA:

Diziplina-araubidea

Lehenengo atala: Printzipio orokorrak

Bigarren atala: Arau-hausteak

Hirugarren atala: Zehapenak

Laugarren atala: Prozedurako bermeak

Bosgarren atala: Preskripzioa eta ezereztea

 

Talde bakoitzak dekretua irakurri eta aztertuko du. Beraien iritziz ikastetxeko gatazkak konpontzeko balio ote duen ala ez azalduko dute.

 

 

¿Nola egokitzen du AFAk dekretua ikastetxe honetan?

Dekretua Antolaketa eta Funtzionamendu Araudiarekin konparatuko dugu eta ondorioak eta hobetzeko proposamenak aterako ditugu.

Zeinek hartzen dute parte zehatze-prozeduretan? Nola berma daiteke zehapenak modu objektiboan aplikatzen direla?

 

 

 

2.4. Jarduera: Penal arloko gatazkak konpontzea

 

 

Irakasleentzako informazioa

 

Nola egiten dira zigor-arloko judizioak?

 

Zigor-arloko judizioak ahozkoak dira nagusiki. Delitu edo faltaren astuntasunaren arabera, Instrukzioko Epaitegian (lesio txikiak, garrantzi txikiko ebasketak, irainak, trafiko-istripuak, etab.), Zigor-arloko Epaitegian (delituak oro har), edo Probintzia Auzitegian (delitu astunak) egingo dira. Zinpekoen epaimahai bidezko judizioak ere izaten dira.

 

Lehenengo fasean, salatutako gertakariak ikertzen dira (instrukzio-fasea), eta ustezko errudunaren aurka akusazioa aurkeztutakoan, ahozko judizioa egiteko ordua eta eguna finkatzen dira eta parte-hartzaile guztiei ezagutarazten zaie, bertara joateko obligazioa dute eta. Ahozko judizioan, lehendabizi salatu edo auzipetuak deklaratzen du, eta gero salatzaile edo kaltetuak. Bakoitzak argudiatutakoa demostratzeko, lekuko bidezko frogak, holakorik egonez gero, dokumentu bidezkoak, peritu-frogak, froga teknikoak, auzitegiko medikuenak, etab. egiten dira. Ondoren, fiskalak eta alderdien abokatuek frogak laburtzen dituzte ahoz (diskurtso horri txosten izena ematen zaio), eta epaile edo auzitegiari kondenatzeko edo absolbitzeko eskaerak gogorarazten zaizkie. Modu horretan, judizioa epaia emateko zain geratzen da.

 

Zenbait galdera:

 

Zer edo zein dira judizioko alderdiak?

 

Judizioko alderdiak dira Fiskala eta interesatuak, auzian abokatu eta prokuradore bidez defendatuak eta ordezkatuak azkenak. Jardun judizial guztien berri izaten dute eta akusatzeko zein defendatzeko beharrezkotzat jotzen dituztenak burutzeko eska dezakete.

 

Zein da idazkari judizialaren eginkizuna zigor-arloko judizioan?

 

Idazkari judizialak akta egiten du, bertan jasoz egindako frogen funtsa, izandako intzidentziak eta erreklamazioak, eta erabakiak. Akta epaileak, idazkariak, fiskalak eta akusazioaren eta defentsaren abokatuek sinatu behar dute. Akta judizioan gertatutakoaren erradiografia da, eta funtsezkoa da Probintzia Auzitegiko apelazio-errekurtsorako, horrelakorik balego, izan ere, izapide horretan ez baitira frogak berriz ere auzitegiaren aurrean egiten; auzitegi horrek, auziko dokumentazio osoa eta judizioko akta irakurri eta aztertu ondoren, eta fiskalak eta akusazioaren eta defentsaren abokatuek berriz ere egiten duten txostena entzun ondoren, behin betiko eta apela ezineko epaia ematen dute.

 

Zer edo zein da akusazio partikularra?

 

Zigor-arloko judizioan akusazio publikoa fiskalak egikaritzen du. Halaber, delitu edo faltak kalte egindako norbanakoak, akusazio partikular bilaka daitezke, abokatu bidez beren eskubideak egikaritzeko.

 

Nork sala ditzake delituak?

 

Delituzko egintzaren biktima denak edo delituzko egintzan bertan izandakoak (lekukoak). Ez dute izango salatzeko obligaziorik delitua egin duenaren ezkontideak, seme-alabek eta gurasoek.

 

Informazio horrekin eta bestelako informazio orokorrekin, irakasleak rol-playing jokoa egiteko proposatuko dio taldeari.

 

Jarduera honentzat auzi bat behar da, ikasleen batzorde batek presta dezakeena.

 

Auzia finkatutakoan, rol-playing jokoa egiteko rolak finkatuko dira:

 

Instrukzioa (Instrukzioko epailea)

Epailea

Idazkari judiziala

Salatua

Fiskala

Abokatua

Lekukoak

Zinpekoen epaimahaia (behar izanez gero)

 

Auzia zehaztutakoan, rolak banatuko dira, eta bakoitzak tokatu zaiona egin beharko du, suertatutakoarekin ados egon ala ez egon.

 

 

Judizioko aretoa prestatuko da.

 

Judizioa behar bezala egiteko, antzezle bakoitzak bere lantaldea izango du, judizioaren fase bakoitzean egin beharrekoa ondo prestatzeko.

 

Horrela, bada, taldeko lana izango da.

 

Judizioari hasiera emango zaio, judizioetako errituala eta urratsak errespetatuz, bai eta esku hartzeko txandak eta prozedurak ere, taldeak egin beharrekoa burutu artean. Irakasleak prozeduraren xehetasun eta formen inguruko aholkuak emango ditu.

 

Antzezpena bukatutakoan, eztabaidari bide emango zaio, judizioa nola bilakatu den, prozedura egokia izan ote den, epaia zuzena izan den, etab. baloratzeko.

 

 

 

2.5. Jarduera: Judizio-motak

 

 

Irakasleentzako informazioa

 

Ikusi dugunez, badago prozedura bat ikasleek ikastetxeko harremanetan egiten dituzten okerrak aztertzeko, bai eta beren eskubideak babesteko ere.

 

Judizio-mota ezberdinak daude, kasuan kasuko ezaugarrien arabera: norbanakoen arteko erreklamazioak, delituak edo faltak, norbanakoen eta Administrazioaren arteko auziak, laneko eskubideetan oinarritutako erreklamazioak, ...

 

Ondoren zehaztutako informaziotik abiatuz, irakasleak modu errazean azal diezaieke ikasleei gaur egungo ordenamendu juridikoan dauden judizio-motak.

 

Azalpen labur hori entzundakoan, ikasleei ariketa hau egitea proposatuko zaie: eguneroko bizitzan sortzen diren gatazka jakinak konpontzeko judizio-mota bat aukeratu beharko dute (2.2.5. jard.).

 

 

¿Zer judizio-mota daude?

 

 

 

 

ZIBILAK

Norbanakoen arteko erreklamazioak direla-eta egiten dira:

Hiri-errentamenduak, desahuzioa errentak ez ordaintzeagatik, jabekideen komunitateak atzeratutako kuotak erreklamatzea jabekide bati, zorrak erreklamatzea, trafiko-istripuen ondorioz kalte-galerak erreklamatzea, jabetzak edo edukitzak erreklamatzea, eroen ezgaitzeak, etab. Hemen sartzen dira baita ere, banantze eta dibortzio-eskaerak, behin-behineko neurriak, etab.

 

 

ZIGOR-ARLOKOAK

Delitu edo faltaren bat egin denean: ebasketa, lapurreta, erailketa, giza hilketa, lesio larriak, garrantzi handiko kalteak, faltsutzeak, droga-trafikoa, mozkortuta gidatzea, zuhurtziagabekeriazko trafiko-istripuak, etab.

 

 

ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIETAKOAK

Norbanakoen eta Administrazioaren –zentral, autonomiko, foral nahiz lokalaren– arteko erreklamazioak gertatzen direnean. Nahitaezkoa da aurretik administrazio-izapidea agortu izana.

Trafikoko zehapen irmoak, Udalari eskatutakoa ukatu izana, edozein administrazioren erabakiak inpugnatzea, etab.

 

 

LAN-ARLOKOAK

Laneko eta Gizarte Segurantzako eskubideak erreklamatzen direnean. Nahitaezkoa da aurretik Lan Ordezkaritzako Bitartekaritza, Arbitraje eta Adiskidetze Zerbitzura jo izana.

Iraizpenak, soldata-erreklamazioak, lan-arloko zehapenak, ezgaitasunak, erretiroa, alarguntza, zurztasuna, etab.

 

Koadro hori ikusita, egoerak definituko ditugu, ideia-jasaren metodoa erabiliz.

 

 

 

2.6. Jarduera: Bake-epailea

 

Hau idatziko dugu arbelean edo kartel handi batean:

 

 

BAKE-EPAILEA

 

Ikastaldean aurkeztu ondoren, ikasleei hori irakurtzean burura etortzen zaien guztia jasoko da.

 

Ikasleen iradokizunak jaso ostean, bake-epailearekin zerikusia duenarekin eta ez duenarekin koadro bat egingo da talde txikietan. Helburua definizio egokia bilatzea da (2.2.6 jard.).

 

Ikasleei informazio hau eskuratuko zaie:

 

BAKE-EPAILEA DA:

 

Karrera judizialekoa izan ez arren, Justizia Administrazioan jarduten duena lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegirik ez dagoen herrietan.

 

BAKE-EPAITEGIA DA:

 

Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegirik ez duten herrietako udaletxeetan egoten den epaitegia. Erregistro zibileko gaiez arduratzen dira, judizio zibilak egiten dituzte erreklamazioak 8.000 pta. baino gutxiagokoak direnean, eta garrantzi txikiko falta-judizioak ere egiten dituzte.

 


 

Ikastetxea lehen auzialdiko epaitegirik ez duen herrian badago:

 

Irakasleak bake-epailea gonbidatzeko proposamena egingo du, haren eginkizuna zein den, lan horretan zer egiten duen, horretara soilik dedikatzen ote den, etab. azal dezan.

 

Bake-epaileari buruzko informazioa bila dezatela proposatuko zaie ikasleei, bulegoa non duen eta bere eginkizunari buruz ezagutu nahi dituzten xehetasun guztiak jakiteko.

 


© 2002 EDEX