3.2. jard.

 

Nire herriko Justizia Jauregira bisita egitean eraikin horretan dauden organismo judizialak zehaztu beharko ditut eta hurrengo zerrendan zehaztutakoak non dauden ikertu.

 

Eraikin judizialean organo judizial hauek egon daitezke, besteak beste:


 

Organo judiziala

Auzi hauetaz arduratzen dira ...

Badago nire herrian?

BAKE-EPAITEGIAK

Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegirik ez dagoen herrietako udaletxeetan egoten dira. Erregistro zibileko arazoez arduratzen dira, eta 8.000 pta. baino gutxiagoko erreklamazioak bideratzeko judizio zibilak egiten dituzte, bai eta garrantzi txikiko falta-judizio batzuk ere.

 

LEHEN AUZIALDIKO EPAITEGIAK

Zibileko gaiez arduratzen dira, auzi zibilak erabakitzen dituzte, beraz. Izen hori dute, erreklamazioak lehen aldiz organo judizial horretan aurkezten direlako. (Esaterako, kopuruak erreklamatzea, hiri-errentamenduak, jabetzak, eskubideak, etab.)

 

FAMILIAKO EPAITEGIAK

Lehen auzialdiko epaitegi zibilak dira hauek ere, baina hauetan aurkezten diren erreklamazioak famili harremanetatik sortutakoak dira. Familiako epaitegirik ez dagoen tokietan, lehen auzialdiko epaitegiek egiten dute funtzio hori (esaterako, banantzeak, dibortzioak, ume-zaintza, etab.)

 

INSTRUKZIOKO EPAITEGIAK

Delituak eta ustezko errudunak ikertzen dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, behin-behinean espetxera ditzatela agin dezakete. Ez dute epaitzen eta ez dute epairik ematen, falta-judizioetan izan ezik.

 

ZIGOR-ARLOKO EPAITEGIAK

Astunak ez diren delituak, gehienez ere 3 urteko espetxe-zigorra ezartzen zaienak, epaitu eta epaia ematen dute.

 

LAN-ARLOKO EPAITEGIAK

Lan-harremanetan sortutako erreklamazioak ebazten dituzte.

 

ESPETXERATUEN ZAINTZAKO EPAITEGIAK

Askatasuna kentzeko zigorren betearazpena kontrolatzeko eskumena dute, eta espetxeratuei buruzko arazo guztiak erabakitzen dituzte. Epaitegi hauek emandako ebazpenak espetxea dagoen probintzia-auzitegian apela daitezke.

Gure autonomi erkidegoan espetxeratuen zaintzako epaitegi bakarra dago, Bilbon.

 

ADINGABEKOEN EPAITEGIAK

12 urtetik gorako penaleko adin gabekoek egindako delitu eta faltez soilik arduratzeko eskumena dauka. 12 urtetik beherakoak Adingabekoak babesteko Administrazio Erakundeen esku jarriko dira.

 

PROBINTZIA AUZITEGIA

Eskumen zibil eta penalak ditu. Penaleko arloan, 3 urte baino gehiagoko espetxe-zigorra ezarri zaien delitu astunak epaitzen dituzte, eta berak emandako epaien aurka kasazio-errekurtsoa jar daiteke Auzitegi Gorenean. Apelazioan errekurritutako epaiak ere aztertzen dituzte.

Auzitegia da, gutxienez hiru epaile edo magistratuk osatzen dutelako, eta probintziako hiriburuetan du egoitza.

 

EAE-KO AUZITEGI NAGUSIA

Autonomi Erkidegoan maila handiena duen auzitegia da, eta eskumenak ditu, errekurtso bidetik etortzen zaizkion lan-arloko eta zuzenbide zibil eta foraleko auzietan, eta administrazioarekiko auzietako erreklamazioetan. Egoitza bakarra du Bilbon.

 

FISKALTZA

FISKALTZA ere Justizia Jauregian egoten da. Organismo hau Justizia Administraziokoa da, baina ez epaitegiaren mendekoa. Fiskal buruak, teniente fiskalak, hainbat fiskalek eta laguntzaileek osatzen dute.

 

ERREGISTRO ZIBILA

Horietaz gain, eraikin judizialean ERREGISTRO ZIBILA egoten da. Bertan jasotzen eta erregistratzen dira pertsonen egoera zibilari buruzko datuak (jaiotzak, filiazioa, izen-abizenak aldatzea, nazionalitatea, ezkontza, etab.).

 

OFIZINA JUDIZIALA

Aurreko guztien oinarri administratiboa OFIZINA JUDIZIALEAN dago. Justizia Administrazioko ofizialek, laguntzaileek eta agenteek lan egiten duten egoitza da, burua idazkari judiziala eta zuzendaria epaile magistratua izanik.

 


 


© 2002 EDEX