Proposamen Didaktiko  6: Gazteriarentzako Zerbitzuak

PROPOSAMEN DIDAKTIKO  6

GAZTERIARENTZAKO ZERBITZUAK

Helburua:

 

Gaztediari zuzendutako gizarte-kultur zerbitzu espezifikoak aztertzea.

Aurreikusitako ekintzak:

 

1. Gazte elkarteak

2.  Gazte informazioa.

3. Gazte aterpeak eta oporretarako programak.

4.- Gazte-Txartela.

 

 

DBHko lehen ziklorako ekintza aproposenak: Guztiak

DBHko bigarren ziklorako ekintza aproposenak: Guztiak

 

Gaztediari zuzendutako gizarte kultur zerbitzuek gazteen arteko harremana, gazte elkarteak eta Europar Batasuneko beste herrialdetako gaztediari buruzko informazioa sustatu egiten dute.

 

 

Ekintza 6.1.- Gazte elkarteak.

 

Herriko elkarteak ezagutuko ditugu ekintza honen bidez.

 

Elkarte hitzaren definizioa eskatuko diegu lehendabizi, eta ondoren Gazte Elkarte kontzeptuari aplikatuko diogu definizio hura. (Ek.6.1.a).

 

Kontzeptua ulertu ondoren, ezagutzen duten gazte elkarteen zerrenda egingo dugu. Idei jario bat egingo dugu arbelean, eta informazio guztia jaso ostean, gaia, kokapena eta adinaren arabera sailkatuko dugu.

 

 

Herria, lurralde edo Autonomi Erkidegoaren mapa batean, elkarteen kokapena seinaleztatu egingo dugu bandera txiki batzuekin. Elkarteen jardueraren arabera (kirol, aisialdirako, kultur elkarteak...) bandera ezberdina izan daitezke.

 

Ondoren, elkarte bat edo bi aukeratuko dituzte taldeka 6.1.b ekintzan eskaintzen den fitxaren arabera informazioa lortzeko.

 

Lan hau taldeka egingo dute.

Gero, elkarte guztiei buruzko informazioa jaso eta denon artean konparatu eta aztertuko dugu horma irudi handi batean. Horrez gain, elkarte baten kideak azalpen bat egin dezake klasean, elkartearen jarduerak eta kidea izatearen abantailak azaltzeko.

 

 

Ekintza 6.2- Gazte Informazioa.

 

Irakasleentzako informazioa.

 

Gero eta zailagoa den gizarte batean, gaztediari zuzendutako aholkularitza eta informazioa ezinbestekoa da bizitza heldua eta autonomorako bidean. Garapen pertsonala eta gizarte partaidetza arduraduna sustatzen du. Era berean, gazteen aukerak zabaldu, bere independentzia sustatu, mugikortasuna erraztu eta egunero Europa bizitzen lagundu behar die informazioak. 

 

Demokrazia, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak errespetatzeak, gazteek behar duten informazio osoa, ulergarria eta fidagarria eskuragarri izatea esan nahi du ere. Aukera guztiak eskaini behar zaizkie, diskriminazio edo influentzia ideologiko edo bestelakorik gabe.

 

Gazte Informazio Zentroak administrazio publikoak edo hiri entitateak sustatutako zerbitzuak dira, eta bere helburua gazteei behar duten informazioa eskaintzea eta aholkatzea da, gizartean eta lanean integratzeko.

 

Lau atal handietan banatzen da bertan eskaintzen den informazioa, etengabe eguneratzen delarik: hezkuntza, gizarte bizitza eta osasuna, kultura eta aisialdia.

 

Ondorengo galderak zerbitzu honetan erantzuna dute:ba al dago komiki lehiaketaren bat? Nola jar naiteke harremanetan kolektibo ekologista batekin? Zer eskakizun bete behar ditut ikasketa beka bat lortzeko? Zer egin behar dut gazte elkarte bat eratzeko?...

 

Batzutan, gazte informazio zentroetan honako zerbitzuak aurki daitezke: dokumentazio fondoa, liburutegi espezializatua, bideoteka edo elkartruke burtsa.

 

Edozein kontsulta egiteko ez da inolako eskakizunik bete behar. Telefonoz edo postaz – arrunta edo elektronikoa - egin daiteke. Diskrezioa bermatzen dute informazioa eskaintzen duten guztiek.

 

 

Gazte informazio zerbitzuen printzipioak

 

Hauek dira gazte informazio zerbitzuen printzipioak, gazteen informaziorako eskubidea bermatzen dutelarik:

 

  1. Gazte informazio zerbitzuak gazte guztientzat dira, salbuespenik gabe.

  2. Gazte informazio zerbitzuek gazteen arteko berdintasuna bermatuko dute informazioa jasotzerakoan, status, bizilekua edo gizarte maila alde batera utzita.

  3. Erabiltzaileek eskatutakoa bakarrik jasoko dute, bestelako interesik gabe. Gazteentzat interesgarriak diren gaiak izango dira.

  4. Erabiltzailearekiko arreta pertsonalizatua eta bere beharretara egokituta izango da.

  5. Informazio zerbitzuen sarrera dohainik izango da (aurretiko hitzordurik gabe).

  6. Informazioa eta aholkularitzak erabiltzailearen anonimatua eta konfidentzialitatea errespetatuko dute.        

  7. Informazioa dohainik izango da.

  8. Eskaintzen den informazioa osoa, inpartzial, zehatza, praktikoa eta eguneratuta izango da.

  9. Horretarako prestakuntza jaso duten langileek emango dute informazioa.

 10. Ahalegin guztiak egingo dira informazioa objektiboa izan dadin, iturri ezberdinak erabiliz.

 11. Informazioak ez du interes politiko, ideologiko edo komertzialik izango.

 12. Mezenasgo edo publizitatearen beharra izanez gero, dirua lortzeko,  zerbitzuak eta informazioak independentea izaten jarraituko du.

 

 

Gazte Informazio Zerbitzuak Euskadin.

 

Eusko Jaurlaritza – Gazteentzako Europar Informazio Euskal Zerbitzua

 

Arabako Foru Aldundia – Gaztediaren Foru Erakundea.

Bizkaiko Foru Aldundia.

Gipuzkoako Foru Aldundia.

 

Arrasateko Udala

Barakaldoko Udala

Basauriko Udala

Bermeoko Udala

Bilboko Udala

Donostiako Udala

Donostiako Udala (Gunea)

Durangoko Udala

Eibarko Udala

Gernikako Udala

Hondarribiako Udala

Irungo Udala

Lasarteko Udala

Legazpiko Udala

Mungiako Udala

Muskizeko Udala

Ordiziako Udala

Portugaleteko Udala

Errenteriako Udala

Sestaoko Udala

Tolosako Udala

Gasteizko Udala

Zallako Udala

Zarautzeko Udala

Gipuzkoako Campusa –Zuzenbide Fakultatea

Europar Dokumentazio Zentroa

 

Aurreko informazioan oinarrituz, ondorengo ekintza proposatuko zaie ikasleei.

 

Ikasleek zerbitzu honen existentzia ezagutu ondoren, taldeka banatuko dira lan txiki bat egiteko.

 

a) Gazte informazio zentro bat bilatu: helbidea, ordutegia, eskaintzen duen informazioa.

 

b) G.I.Z. (Gazte Informazio Zentroa) bisitatuko duen Batzorde bat osatuko da.

 

c) Idei jario baten bidez, zeri buruzko informazioa nahi dugun azalduko dugu. Ideiak gaika sailkatuko ditugu. Adibidez:

 

HEZKUNTZA

·       Irakaskuntza arautua.

·       Bekak eta Dirulaguntzak.

·       Hizkuntzak atzerrian

·       Lanbide orientazioa.

·       Ikastetxeak.

·      Hezkuntza Iraunkorra.

 

LANA

·       Oposizioak.

·       Hastapen Profesionala

·       Okupazio Prestakuntza.

·       Enplegu demanda.

·       Gizarte ekonomi ekimenak.

·       Autoenplegua.

·       Lanak atzerrian.

·      “Au-pair”.

GIZARTE BIZITZA ETA OSASUNA

·       Elkarteak.

·       Toxikomaniak.

·       Kontzientzi eragozpen.

·       Sexu harremanak.

·      Araudia.

KULTURA ETA AISIALDIA

·       Lehiaketak.

·       Jaialdiak.

·       Oporrak eta bidaiak.

·       Kultur etxeak.

·       Ikastaro eta kurtsoak.

·       Dirulaguntzak eta subentzioak.

·       Jaiak eta tradizioak.

·      Kirola.


 

d) Batzordea Gazte Informazio Zentrora joango da, eta bertako antolakuntza eta kontsultak egiteko jardunbidea aztertu eta apuntatu egingo du. Bideo-kamara erabili edo argazkiak atera ditzake ere (arduradunei baimena eskatuz gero).

 

e) Bueltatzerakoan, azalpena egingo dute klasean. Gainerako ikasleek apuntatu eta konklusioak aterako dituzte.

 

 

Ekintza 6.3. Oporretarako programak eta gazte aterpeak.

 

Ekintza honen bidez, ikasleek zenbait aisialdi eta oporretarako programak ezagutuko dituzte, eta hauetan parte hartzera animatuko ditugu, besteak beste Udalekuak, Kanpamenduak, Gazte Aterpeak, geroago Lan Landak etab...

 

Lehendabizi, ikasleak bere esperientziaren bati buruz idatzi beharko du: Kanpamendu, Udaleku edo Gazte Aterpe batean asteburu edo oporretan izateari buruzko idazlana.

 

Informazio grafikoa badute, ekar dezatela esango diegu: argazkiak, bideoak etab

 

Ondoren, nahi dutenek ozenki irakurriko dute bere esperientzia eta komentatuko dute. Taldekideek galderak egin ditzakete.

 

Idazlanak horma irudi batean jarriko dira, eta aisialdirako esperientziak diren Udalekuak, Kanpamenduak eta Gazte Aterpeak ezagutzeko ekarpen interesgarri guztiak bertan sartuko dira.

 

Ikasleak 6.3 ekintzan eskaintzen den fitxa beteko du orain, esperientzi honetara hurbiltzeko.

 

Eskainitako informazioa bete ostean, Udalekuak, Kanpamenduak, Lan Landak, Gazte Aterpeak eta ager daitezkeen beste hitzak bereizi egingo ditugu.

Era berean, G.I.Z.aren bisita aprobetxatu edo beste talde bat bidali daiteke ekitaldi hauei buruz edo aurreko ikasturtekoei buruz (dataren arabera) informazioa jasotzeko.

 

Zeinek antolatzen dituen, noiz kaleratzen diren deialdiak, eta zer eskakizunak bete behar diren jakitea komeni da. Halaber, gazte aterpe batean asteburu bat pasatzeko zer egin behar duen gazte talde batek, prezioa eta bertan egin daitezkeen ekitaldiak...

 

Ekintza 6.4.- Gazte-Txartela

 

14 eta 25 urte bitarteko euskal gazteek lortu dezakete Gazte-Txartela, Caja Vital Kutxa, BBK eta Kutxako bulegoetan.

 

Gazte Txartela norberak ez bestek erabili beharrekoa da, eta Gazte Txartela homologatua duten Erkidego eta Europar Herrialdeetan balio du ere bai.

 

“Gazte Txartela” ezagutzen duten eta zertarako balio duen galdetuko diegu ikasleei.

 

Gertuen dagoen G.I.Z.ra joan eta Gazte Txartelari buruzko informazioa jaso dezaten eskatu. Informazio hau Autonomi Erkidegoko Aurrezki Kutxetan jaso daiteke ere.

 

Gazte Txartelaren Gida lortuz gero, Establezimenduek, Erakundeek eta Entitateek eskaintzen dituzten abantailak ezagun ditzakegu.

 

Eusko Jaurlaritzaren web orrialdean ere aurkitu dezakegu Gida: http://www2.euskadi.net

 

Batzorde bat sortu informazio hau lortzeko, eta ondoren klasean azaltzeko. Horretarako G.I.Z.an, Aurrezki Kutxa batean edo interneten jasoko du Gida, eta aztertu ondoren informazioa prestatuko du.

 

Era berean, D.B.H.ko bigarren zikloko ikasleen artean inkesta bat egin dezakete, ondorengo galderekin:

 

 

1.-Adina.

2.- Ba al duzu Gazte Txartela?

3.- Erabiltzen al duzu Gazte Txartela?

4.- Gazte Txartelak eskaini dizkizun hiru abantaila esan.

 

Erantzunekin informazioa prestatu eta aurrez jasotakoarekin batu Gero klasean azaldu beharko da informazio guztia.


© 2002 EDEX