3. HEZKUNTZA-PROGRAMARI DAGOKIONEZ, KULTURA-EKIPAMENDU EDO MUSEOETARA JOATEAREN PRESTAKUNTZA AUKERAK [1].

 

 

Kultura gizarte konkretu bateko ezaguerak, usteak, ohiturak, eta usadioak dira. Aldi berean, zerbait egiteko erabiltzen ditugun teknikek ere kultura osatzen dute: etxebizitza bat, tapiz bat, tresna bat…

 

Erlijioa, morala, antolamendu juridikoa, herri baten pentsaera, hizkuntza, etab. kulturaren beste osagai batzuk dira.

 

Arteak ere kulturaren aspektu garrantzitsua dira: literatura, antzerkia, musika, dantza, pintura, grabatua, marrazkia, zeramika eta buztingintza,  ehunak, argazkilaritza, bideoa eta zinea…

 

Era berean, zientziaren ezaguera eta herri-jakituriak berreskuratzea ere kultura dira.

 

Arkitektura, janzkera, gorputz-edergarriak…

 

Gainera, gizarte bateko oinarrizko funtzioak betetzeko tresnen fabrikazioak ere kultura osatzen du.

 

Kultura guztiek dute munduaren ikuspegi bat, eta baita giza harremanen interpretazio bat ere.

 

Gure testuinguruan, euskal gizartea, bere sektore ezberdinetan, tradizioko kulturako eta gizarte industrial berriaren eta garapen ereduaren ondorioz sorturiko kultura berriko elementuak definitu eta gizarteratu beharrean da. Aldi berean, gero eta hiritartua dagoen euskal espazioak eragin handia jasaten du kultura-sistema sendoagoetatik. Kultura-antolamendu berri bat aipatu behar dugu, kultura nazioarteko bihurtzearen, gizarte-espazio errealitate berria sortzearen eta berariazko identitatea mantentzen saiatzearen ondorioz sortu dena. Tentsio honek aberastasun eta aniztasun berezi bat ematen dio euskal kulturari.

 

Guzti honekin, gure nerabeen bat-bateko gizarte-ikaskuntzaren aberastasuna  agerian jartzen da. Aldi berean, beharrezkoa da gizarte-hezkuntza egokia, aberastasun hori ustiatu eta eskolako gizarte eta zientzia-hezkuntzarekin zabalduko duena.

 

Orain arte esan dugunarekin, Euskaditik eta Euskadirako, hiritar kontziente eta kritikoa sortzeko orientazioa diseinatu behar dela ondoriozta dezakegu. Berak bizi duen inguruneaz kontzientea den hiritarra, bai alderdi fisiko eta sozialetan, eta baita kultural eta materialetan ere. Hiritar unibertsalagoa, Hegoaldearekin konprometituagoa eta solidarioagoa, eta presioa egiten duten taldeen boterearen kontrolarekiko kritikoagoa. Azken finean, zibilizazio mota berri bateko hiritarra, aktiboa, eta naturarekin, norberarekin eta besteekin era berri bateko harremana izan dezan.

 

Euskal gizarte eta kultura, aniztasuna sozializazio eta akulturazio prozesu ezberdinak jasaten ari da belaunaldi berriekin. Beraz, eskolako kulturak kultura eta gizarte-pluraltasun hori bere gain hartu behar du, desberdintasunak orekatzeko elementuak garatuz.

 

Ikuspuntu hauek kontuan hartuta, curriculumaren edukiak orientatzeko jarraibideekin erabili beharreko honoko aspektuak azpimarratu behar dira.

 

·      Ezagueraren sorrerarekin, errealitatearen ezaguera berriak garatuko dira, eta, horrela, gizarte-hezkuntza ez da gaur egungo gizartea berregiteko erabiliko, aurrerakoia eta sortzailea dena sortzeko baizik. Gizarteari, politikari eta ekonomiari buruzko kontzeptu eta egituren eraikuntzaren bidez ikasleengandik hurbilago nahiz urrunago dauden espazio eta denborak eskala desberdinen arabera aztertzea ahalbidetu behar du.

 

·      Gizarteen eta, zehazki, euskal gizartearen arazoak eta ezaugarriak ulertu eta epaitzen lagundu behar du. Gure gaurkotasuna, eta, batez ere, sistema eta fenomeno berrien azterketa gai garrantzitsua izan behar da curriculumean.

 

·      Ikuspuntu analitiko eta kritikoa kontuan hartuz, bildu eta prozesatu beharrekoa den informazioaren garrantzia.

 

·      Aniztasuna aintzat hartzen duen pentsamendu irekia garatzearen beharra, ikuspuntu sinple, sexista, arrazista eta kultura bakarrekoen kontrakoak diren planteamenduen bidez.

 

·      Ezagutzatik abiatuta elkartasuna, partaidetza, tolerantzia eta errespetua oinarri dituen baloreen sistema bat sortzea.

 

·      Gizarte demokratiko eta partehartzaileen ezaugarriak eta ohiturak garatu behar ditu.

 

·      Garai ezberdinetako obren analisiaren bidez egindako arteen (batez ere plastikoen) hizkuntzaren ezaguera eta balorazioa helburu garrantzitsua da.

 

Gaur egungo "mass mediatako" hizkuntza plastiko ezberdinen gerturatze kontzeptuala egiteaz gain, prozedurazko edukietan komunikabideak, informazio iturri gisa, kritikoki erabili daitezke; aldi berean, hautematearen, behaketaren eta gogoetan oinarritutako ulermenaren bidez, obra artistikoen analisi zuzen eta zeharkakoa egin daiteke.

 

Jarrerazko edukiei dagokienez, obra artistikoen balorazioa, errespetua eta sentsibilitatea azpimarratu behar dira, eta baita herri ezberdinen hizkuntza eta kultura aniztasunaren aurrean errespetua eta ulermena ere. Horrela,

euskal hizkuntza komunikaziorako kultura-ondare gisa baloratu behar da, eta baita euskal identitatea sortzeko elementu garrantzitsu gisa ere.

“GIZARTE -KULTURA ZERBITZUAK” UNITATEA ETA BERE EGITURA.

 

Unitate honek eta bertako proposamen didaktikoek curriculumaren arlo ezberdinekin duten harremana oso balioanitza da. Unitatea nondik hasten den eta proposatzen diren hezkuntza-helburuen araberakoa izango da; aldi berean, Gizarte-Zientziak, Geografia eta Historia, Natur Zientziak edo Hizkuntza eta Musika Arloa, Gorputz Hezkuntza , Plastika edo Ikus-Hezkuntzako arlotik hasten den kontuan hartu behar da, hautazko ikasgaiak ahaztu gabe.

 

Unitate hau orientatzeko eta tutoretzako denboran lantzeko erabil daiteke, edo baita bisitatzeko ekipamenduaren arabera “zeharka” landu ere.

 

Arte Ederretako edo Arte Garaikideko Museo bat bisitatuko bada, Gizarte-Zientziak, Geografia eta Historiako V. Ardatzaren baitan koka daiteke. Ardatz honek “Kultur antolaketa” du izena eta ikuspuntu antropologiko eta artistikotik orientatua dago.

 

“Kultur sistema eta Kulturak” deritzon bi blokeetako lehenengoan, kulturaren osagaien analisia eta kultur ezberdinen eta beren adierazpenen alderaketa egiten da. “Kultur hizkuntzak eta Komunikazioa” deritzon bigarren blokean, berriz, ikerketa egiten da, batez ere XX. mendearen eta hizkuntza artistiko ezberdinen ikuspuntutik, eta masa komunikabideek deritzonen eginkizuna aztertzen da.

 

Bloke honetan lantzen diren prozedurek kultur elementuen konparazioak, hizkuntza artistiko ezberdinen lanak eta komunikabide ezberdinen erabilera kritikoa aipatzen dituzte.

 

Jarrerazko edukiak beste herri eta kulturekiko enpatian eta ulermenean konkretatzen dira; gureak ez diren beste iritzi eta aukera ezberdinekiko tolerantzia, estimua eta errespetua; adierazpen artistikoekiko balorazioa, errespetua eta sentiberatasuna, eta herri desberdinen  hizkuntza eta kultura aniztasunarekiko errespetua erakutsiz

 

Abiatzerakoan Gaztelania eta Euskal Hizkuntza Arloa bada, Curriculum Garapenerako Dekretuan azaltzen diren Ebaluazio irizpideetan honokoa aipatzen da:

 

“8.-Ikerketa lanetan, bakarka edo taldean, informazio iturri desberdinen kontsulta planifikatu eta burutzea, aurkibide, fitxa eta informazioa sailkatzeko bere sistemak erabiliz.

 

Irizpide honen arreta ikasleak bere adinari eta prestakuntzari dagozkien ikerketak burutzeko duen gaitasunean zentratzen da, bai bakarka eta bai taldean. Honek zenbait gauza galdatzen du: garatu behar duen jarduera planifikatzea, behar den informazioa antolatzea, kontrastatzea eta helburua lortzeko lagungarri diren ondorio objektiboak ateratzea. Ikasleak, bere inguruko dokumentazio zentroetan erabiltzen diren eta informazio iturrietara iristea ahalbidetzen dioten sailkapen sistemak ezagutu eta erabili beharko ditu (fitxategi, datu-baseak, aurkibideak, etab.). Gaitasun hau baloratzerakoan batez ere ikerketa lanaren elaborazioan jarraitutako prozesua hartu beharko da kontuan”

 

Garrantzitsuak dira, aldi berean liburutegiak[2] eta, orokorrean, ikaslearengan irakurketa susta dezaketen ekipamenduak.

 

Gelako liburutegia orokortu egin beharko litzateke Bigarren Hezkuntzan.

Ikastetxeko liburutegiak ere eginkizun garrantzitsua du irakurtzeko ohitura finkatzeko.

 

Eskolako liburutegia, dokumentazio zentro eta liburuak lortzeko zentro gisa, banakako irakurketarako eta ikasketarako gune egokia bihurtu behar da. Isiltasuna eta besteen ekintzekiko errespetu giro egokia izan behar da; aldi berean, liburutegiak espazio, argi eta altzari, etab. egokiak izan behar ditu.

 

Liburutegia edozein arloko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuko ekintza gisa eskolako curriculumaren baitan erabili behar da, nahiz eta ikasleek eskolatik kanpoko orduetan ere erabil dezaketen.

 

Aldi berean, inguruko baliabideak ere aprobetxatu behar dira, hala nola, udaleko liburutegia, hemerotekak, artxiboak, etab., bisitak antolatuz eta ekipamendu hauek erabiltzea behartzen duten proiektuak eginaz.

 

Unitatean abiatzeko Oinarrizko Teknologia Arloak dioenez, batez ere “Teknologia eta Gizartea”[3] deritzon 7. Multzoan, gertakari teknologikoek, makinek eta konponbide teknikoek historia dute, denboran atzera eginaz arakatu daitezkeen aurrekariak dituzte.

 

Gisa-beharrek eta hauek ase ditzaketen objektuek  faktore indibidual, ekonomiko, sozial, zientifiko, kultural eta politikoekin batera hertsiki garatzen dira, eta, aldi berean, etorkizuneko aldaketen ikuspuntuak ulertzeko ezinbestekoak dira.

 

Era askotako tresna, objektu eta teknika-kultura aniztasunak ezinezkoa egiten du hauen historia eta elkarrekintza sistematikoki aztertzea. Honen aurrean, Arloaren planteamenduan teknologiaren osagai soziala eta historikoa gelan egiten denari erantsi zaizkio.

 

Beraz, ikasleak aztertzen edo sortzen dituen objektuen iraganari buruz galde dezan lortu nahi da; honetaz gain, ikasleak inguruaren hobekuntza eta aldaketa honoko aspektuek mugatu dutela jakitea lortu nahi da: libre dauden materialak; ikuspegiak, eraikitzailearen behar eta balioak, tekniken trebetasunak, momentuko ezaguera zientifikoak eta gizartearen antolamendu era konkretu baten balio eta interesak. Aurrerapen zientifiko teknikoek arazoak konpontzen dituztela, baina, aldi berean, arriskuak eta gizarte kostuak sor ditzaketela ulertu behar du ikasleak.

 

Etapak duen amaierazko izaera kontuan izanik, helduen bizitzara hurbiltzea beharrezkoa da, hau da, sozialki antolatuta dagoen lan era ezberdinetara, aisira eta denbora librera hurbiltzea, eta baita lanbideen garapenera eta hauek jasango dituzten aldaketak aurreikustera.

 

Bestaldetik, Unitatea Natur Zientzien Arlotik hasi dezakegu. 12. Multzoak  “Ekologia eta Ingurugiroa” aipatzen ditu. Multzo honetan, natur –ekosistemen ereduekin batera gaur egun ikaslearentzat bide ezagunena (eta, askotan, ezagutzen den bakarra) den gizakiek sortutako  ekosistemen arazoa aipatzen da.

 

GIZA-ERAGINA aipatzerakoan, jarrerazko edukiei lehentasuna eman behar zaie, batez ere ekosistemetan aldaketa bortitzak egitean gure espezieak duen zereginari buruzko hausnarketari; aldaketa hauek, normalean, lortutako heldutasuna suntsitzen duten edo garapen naturala eragozten duten atzerapausoak dira. Hala ere, gizakia berreskuratze prozesuen egilea dela ez da ahaztu behar, eta eskergarria litzateke suntsitze prozesuak baino azkarragoak izan daitezen berreskuratzekoak.

 

Sentiberatasuna, motibazioa etab. bezalako jarrerazko edukiek garrantzi handia dute, batez ere natur eta gisa-ingurunerako.

 

Ikuspuntu historikoa garrantzitsua da multzo honetan. Honela, gure historian gertatu diren eragin nagusiak ikasi daitezke (NEKAZARITZA –ABELTZAINTZA, MEATZARI-INDUSTRIALA, URBANOA, TEKNOLOGIKOA), eta baita gizateria bezain fenomeno zaharra dela ikasi ere. Azken puntu honekin, gainera, Gizarte-Zientziak bezalako diziplinarteko ikuspuntuak erabili daitezke.

 

Era berean, Unitate Didaktikoa Gorputz Hezkuntza arlotik has daiteke, kiroldegi askok kultura-instalazioak, liburutegiak etab. dauzkatela ahaztu gabe.

 

Zehatzegiak izan gabe, bisita hauetako batzuk “Ondarearen eta herri-kulturaren berreskuratze eta Mantentze Tailerra” edo “Ondare zientifiko eta teknologikoko azterketa Tailerra” hautazko gaiekin lotu daitezkeela aipatu behar dugu.



[1] Adolfo Colombres. “Manual del Promotor Cultural”.(I) Bases teóricas de la acción. Editorial Humanitas-Ediciones Colihue.Buenos Aires.Argentina.1990.

Curriculum Garapenerako Dekretua. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Gasteiz,1994.

[2] CURRICULUM GARAPENERAKO DEKRETUA. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Gaztelania, Euskara eta Literatura. Atzerriko Hizkuntzak. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Gasteiz, 1994.

[3] CURRICULUM GARAPENERAKO DEKRETUA. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Teknologia. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Gasteiz,1994.


© 2002 EDEX