Proposamen Didaktiko  2: Ertzaintza

PROPOSAMEN DIDAKTIKO  2

Ertzaintza

Helburua:

 

Hiritarren eskubide eta askatasunen babesaren zerbitzura dagoen Ertzaina eta Ertzaintza ezagutu.

 

Aurreikusitako ekintzak:

 

1.    Ondasun eta pertsonen babesa.

2.    Ertzaintzaren 10 ezaugarriak.

3.    Gaur egungo Polizia Autonomoaren aurrekariak: Ertzaintza.

DBH-ko lehen ziklorako ekintza aproposenak: Ekintza 1, 2 eta 4.

DBH-ko bigarren ziklorako ekintza aproposenak: Ekintza 1,3,4.

 

 

 

Ekintza 2.1: Ondasun eta pertsonen babesa.

 

Ertzaintzaren oinarria, eginkizuna, funtzioak eta barne antolakuntza ezagutuko dugu hurbiletik. Hurrengo ekintzetan eta proposamen didaktikoetan zenbait gauza garatu egingo ditugu.

 

 Euskal Herriko Poliziaren funtzioak ezagutzeko, Euskal Herriko Estatutuaren zati bat irakurriko dugu.(Ek. 2.1.)

 

Artikulu horiek irakurri ostean, Ertzaintzaren funtzio eta betekizunak aipatzen dituztenak jarriko ditugu zerrenda batean, eta ikasleek ulertuko luketena aztertuko dugu. Funtzio multzo hauek Proposamen 1ean azpimarratu diren “egin beharreko gauzekin” konpara daitezke, eskubide eta askatasunei dagokionez.

 

Ekintza hau egiteko, lehendabizi irakurpena bakarka egin, eta ondoren, taldeka, jarrera guztiak aztertu. Irakasleak Estatutuaren 17. artikuluaren idei nagusia laburtuko du.

 

 

 

 

 

Ekintza 2.2: Ertzaintzaren 10 ezaugarri.

 

Ertzaintza “Polizi Eredu”-aren  10 ezaugarri deskribatu eta ulertu egin beharko ditugu:

 

1.- Polizia, zerbitzu publikoa.

2.- Polizia zibila.

3.- Polizia demokratikoa.

4.- Polizia profesionala.

5.- Polizia  zigor sistema osoarekin elkarlanean.

6.- Polizia  erkidegoarekin bat eginik.

7.- Aurre-arretarako polizia.

8.- Erabateko polizia.

9.- Polizia eta indarraren erabilera.

10.- Polizia  eta diskrezionaltasuna.

 

Bi zatitan banatuko dugu ekintza: Batetik, zeregin fitxekin batera eskaintzen den taulan (Ek.2.2.), ikasle bakoitzak Ertzaintzaren ezaugarri horrek eguneroko bizitzan duen eraginari buruzko adibideak, komentarioak jarriko ditu.

 

Lehendabizi binaka eta gero launaka egin, eta azkenik denon artean aztertu erantzunak.

Ondoren, 0tik 5era puntuatuko du ikasleak zer nolako garrantzia duten ezaugarriek hiritarren eguneroko bizitzan (“0” inongo garrantzirik, “5” garrantzi maximoa).

 

Ekintza amaitzeko, denon artean aztertuko ditugu iritziak, eta Ertzaintzaren polizi ereduaren ulermen global batera iristen saiatuko gara klasean.

 

Horretarako irakasleak ondorengo galdera egingo du:

 

Nola esplikatuko zenioke, gure herrialdea ezagutzen ez duen norbaiti, zer den Ertzaintza eta zeintzuk diren bere ezaugarriak?

 

 

 

 

 

Ekintza 2.3: Ertzaintza, Euskal Herriko Poliziaren aurrekariak. Irakasleentzako informazioa.

 

Ekintza honetan irakasleak azalpen bat egingo du, ondorengo datuen arabera.

 

Honekin batera eskaintzen den fitxa bete beharko dute ikasleek, Ertzaintzaren historiaren une nagusienak adierazteko asmoz.(Ek.2.3.)

 

 

Polizi Autonomoaren aurrekariak.

 

Polizia Foralak.

 

Erregimen Zaharrean gaur egungo Ertzaintzaren aurretikoak udal miliziak izan ziren, hau da, tokian tokiko erakundeak, herrikoiak eta berez eratzen zirenak, neurri batean behintzat. Baina XIX. mendean polizi kidego iraunkorrak eratzeko joera indartu zen Euskal Herriko lurraldeetan, ordura arteko boluntario elkarteen ordez. Foru kidego armatuak ia behin betiko eratzea eragin zuen arrazoi nagusia bidelapurrak jazartzeko premia izan zen, XVIII. mendearen azkenetik hasi eta XIX. mendearen bigarren erdian ondo sartu arte gizartean eta politikagintzan etengabeak izan ziren tira-birek eta iraultzek gaizkintzarako giro egokia sortu baitzuten.

 

Aldundien menpeko polizi kidegoak eratzeko pauso erabakigarria Karlisten Lehenengo Gerran egin zen, baina ondorengo bake garaian hasi ziren haiek indartzen eta zabaltzen. Mikeleteak deitzen zieten Bizkaian eta Gipuzkoan, eta miñoiak Araban, eta bai Bizkaian ere, geroago.

 

Estatu Liberalak foru polizien eginkizunak bereganatu nahi izan zituen 1844an, Goardia Zibila sortu zuenean. Poliziak bateratzeko ahalegin hori gorabehera, euskal probintzietan nahitaez eutsi behar izan zien foru poliziei, aldundien desadostasuna eta probintzia hauetan Goardia Zibilerako jendea erreklutatzeko zailtasunak zirela eta.

 

Karlisten Bigarren Gerra amaitu eta bakea heldu zenean (1876), foru kidego armatuek polizien kopurua gutxitu behar izan zuten egoera berrira moldatzeko. Haien eginkizunek, ostera, Gerra Zibilera arte (1936 - 1939) beren horretan iraun zuten, eta Administrazioak gehitu ere egiten zizkien egitekoak, aldundien beharrizanen arabera.

 

Ekonomi Itunaren abolizioaren ondoren, 1937an, Bizkaiko eta Gipuzkoako polizi kidegoak desegin ziren. Arabako Miñoien kidegoak, berriz, osorik iraun zuen.

 

 

 

Ordena Publiko Zerbitzua Eusko Jaurlaritzan (1936-1937).

 

II. Errepublika aldarrikatu zenez gero politikagintza indarberritu egin zen eta 1876an kendutako foru askatasunak berriro ezartzeko eskakizunak azaldu ziren. Euskal Herriko estatutua egiteko zenbait proiektu aurkeztu ziren hurrenez hurren. Guztietan ere eskumen zabalak eskatzen ziren ordena publikoaren arloan.

 

Euskal Herriko Autonomi Estatutua 1936ko urriaren 4ean aldarrikatu zen. Geroago Eusko Jaurlaritza eratu zen eta herritarren segurtasunaren gaia izan zen haren ekintzaren ardatz nagusietariko bat.

 

Gobernazio Sailak, Telesforo Monzon jeltzalea buru zuela, Euskadiko Ordena Publikoaren arloa antolatzeari ekin zion eta erakunde hauek sortu zituen: Nazioarteko Polizia, Itsas Polizia eta Ordena Publikoa Zaintzeko Kidegoa. Eusko Jaurlaritzak Herritarren Segurtasunaren eremuan hartu zituen neurri garrantzitsuenetariko bat  Ertzaina sortzea izan zen. Infanteria atala eta atal motorizatua zituen, bakoitzean 550 bat ertzain zeudela.

 

1936ko Estatutuak honela dio 5. artikuluan:

“Euskadiri dagokio lurralde autonomoaren barruan ordena publikoari eustea eta honen babes juridikoa egitea, Konstituzioaren 14. artikuluko 4, 10, 16 eta 18. idazatietan eta Ordena Publikoari buruzko Lege Orokorrean xedatutakoaren kalterik gabe.”

 

 

Frankoren diktadura

 

Gerra Zibilaren ondorioz sortu zen erregimen politikoak Ertzaña desegin beharrik ere ez zuen izan; Eusko Jaurlaritzak sortutako erakundea zenez gero, harekin batera iraungitzat eman zuen.

 

Euskal Herriko foru poliziak, beraz, garai bateko eremu zabaletik Araba eta Nafarroako lurraldeetara mugatuta geratu ziren.

 


 

Ertzaintza

 

Estatuaren erreforma politikoa hasita, Euskal Herriko Kontseilu Nagusiak, 1978ko urtarrilaren 4ean sortu zenetik, polizia autonomoaren beharra aldarrikatu zuen eta aldi berean Euskal Herriko Autonomi Estatutu berria onesteko prozesua abiarazi zuen.

 

Ordena publikoari begira garrantzi berezia dute Autonomi Estatutuaren 17 eta 16. artikuluek eta laugarren xedapen iragankorrak (1979).

 

Ordena publikoaren arloko eskumenen banaketari dagokionez, Estatutuak oinarri hartu zituen eskubide historikoen egunerapena. Izan ere, 1978ko Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriak eskubide historikoak babestu eta errespetatu egiten ditu.

 

Autonomi Estatutuak, 178. artikuluko bosgarren paragrafoan, Euskal Herriko Polizia Autonomoa eratu zuen. Foru Gorputzen berrezarpenari dagokionez, Autonomi Estatutua bat dator 1980ko abenduren 22ko Errege Dekretuarekin.

 

Lehenengo Eusko Jaurlaritza 1980ko apirilaren 29an eratu zen, eta Barne Sailari eman zion Euskadiko Polizia sortu eta garatzeko ardura politiko nagusia.

 

Ertzaintza garatu ahal izateko beharrezko urratsa zen Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia sortzea. Ikastegia Arkauten kokatu zen; 1982ko otsailaren 7an hartu zuen Ertzaintzako lehenengo promozioa. 603 lehen ertzain haiek gauzatzen zituzten Euskal Autonomia Erkidegoak poliziaren eremuan bereganatu zituen eskumenak.

 

 

Ekintza 2.4: Ertzaintzaren Ikastegirako bisita.

Irakasleentzako informazioa.

 

Ertzaintzaren ikastegira joan aurretik bisita berehala prestatzen lagunduko du ekintza honek.

 

Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen Zioen Adierazpenak xedatutakoaren arabera:

Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiari ageriko leku bat dagokio legearen sisteman eta Euskal Poliziaren eratze-prozesuan.

Polizia bat ezin da eraginkorra izan bertako kideek heziketa ona, burutu beharreko zereginarekin egokitua eta etengabe eguneratua izan ezean. Gainera, polizia jardunak agenteen hizkuntz gaitasun egokia eskatzen du, herritarren hizkuntz eskubideei erantzun ahal izateko.

Heziketarako eta gaikuntzarako eginkizun garrantzitsu hori, Ertzaintzara ez ezik, udaltzaingoetara ere hedatu beharra dago, eta horrek erakunde autonomo bat eratzea aholkatu du, zeinen organo araupetzaile gorenek partaidetasun zabala onartuko duten eta egokiro hornitua eta zaindua izan beharko duen”.

 

Beraz, ikuspuntu honetatik, bisitaren helburua Ertzainen eta Udaltzainen prestakuntza ikustea da.

 

Hasteko, Ertzaintzaren Ikastegiak honako funtzio hauek dituela esan daiteke:

 

 

·      Ertzainak aukeratzeko oinarriak ezarri.

·      Udalei laguntza eman udaltzaingaiak aukeratzeko

·      Prestakuntza ikastaroak programatu, antolatu eta garatu.

·      Udaltzainen prestakuntzarako irizpideak ezarri.

.


 

·      Autonomi Elkartean herritarrei babesa eta laguntza ematea xede duten beste erakunde pribatu eta publiko batzuekin lankidetzan, prestakuntza ekintza egokiak sustatu eta garatu.

·      Euskal Herriko Polizientzako prestakuntzari buruzko aldizkako argitarapenak egin.

 

Eginkizun hauek ondorengo departamenduen artean banatzen dira, ikastegiaren Zuzendariaren agintepean.

 

Saila

Eginkizunak

Azterlanak eta Plangintza

- Ikastegian ematen diren ikastaroen curriculum-diseinuak egiteko lanak zuzendu, planetan jaso, antolatu eta gainbegiratzea.

- Prestakuntza Arloaz kanpoko ikastaroen eta prestakuntza jardueren burutzapena zuzentzea.

- Aukeraketa prozesuak diseinatzen eta burutzen laguntzea.

 

Prestakuntza

- Euskal Herriko Polizi Kidegoetako langileek mailaz igotzeko eta espezializatzeko egiten dituzten ikastaroak eta prestakuntza ekintzak zuzendu, antolatu eta gainbegiratzea.

- Ikastegiak eman behar dituen ikastaroen curriculum-diseinuak egiten laguntzea.

- Aukeraketa prozesuak diseinatzen eta burutzen laguntzea.

 

Aukeraketa eta Jarraipena

- Euskal Herriko Polizi Kidegoetako langileak erreklutatzeko eta aukeratzeko planak eta egitarauak zuzentzea eta burutzea.

- Euskal Herriko Polizi Kidegoetako langileen jokaeraren jarraipenerako eta praktiketarako planak eta egitarauak burutzea.

- Aukeratuak izan ondoren praktikak egiten ari diren poliziagaien kontrola eta jarraipen medikoa egitea.

 

Langileria eta Lege Aholkularitza

- Ikastegiko Giza Baliabideak kudeatu eta administratzeko ekintzak zuzentzea, antolatzea eta gainbegiratzea.

- Lege Aholkularitzaren jarduerak planetan jasotzea, antolatzea eta gainbegiratzea.

- Ikastegiari atxikitako gainerako zerbitzuen jarduerak planetan jasotzea eta antolatzea (Informazioa, Erregistroa, Itzulpengintza, Jantzien Zerbitzua eta Protokoloa).

 

Kontratazioa eta Aurrekontuak

- Ikastegiko ekonomi jarduerak zuzentzea, antolatzea eta gainbegiratzea.

- Urteko aurrekontuak egitea eta haien burutzapenaren jarraipena eta kontrola egitea.

- Ikastegiko jardueretarako beharrezkoak diren ondasun eta zerbitzuen kontratazioaren administrazio eta ekonomi kontrola planetan jasotzea, antolatzea eta gainbegiratzea.

- Ikastegiari atxikitako gainerako zerbitzuen jarduerak planetan jasotzea eta antolatzea (Kontabilitatea, Ostalaritza, Armak eta munizioak, Mantentzea, Moldiztegia eta Biltegia).

 

Informatika

- Ikastegiko zerbitzu informatikoak zuzentzea.

- Aplikazio informatikoen eta haien ekipoen definizioaz, garapenaz eta ustiapenaz arduratzea.

 

 

Euskal Poliziaren eginkizunak aztertu ondoren, Ertzaintzaren Ikastegia bisita dezakegu.

 

Lan hau egiterakoan, segur aski zenbait galdera, kuriositate eta zalantza sortu da… Poliziaren misioa, eginkizunak, historia, prestakuntza eta hautaketari buruzko informazioa osatzeko, zalantza hauek jasotzea proposatzen zaie ikasleei.

 

Taldeka lehendabizi, hamar galdera interesgarrienak aukeratu, informazio edo azalpen gehiago nahi izanez gero.

 

Taldeen zerrendak konparatu eta galdera zerrenda bat prestatu, bisita egiterakoan, edo bisita egin ostean jasotako dokumentazioaren bidez, hura argitzeko. (Ek. 2.4.)


© 2002 EDEX