Ek. 3.1.

 

 

Institututik etortzerakoan

 

Institututik bueltatzerakoan gertatu zitzaidan orain kontatuko dizuedana, egun batean arratsaldez. Aita eta ama ez ziren etxean, biak lan egiten ari zirelarik. Nire anaia bazkaldu ostean irten zen, arratsaldez Bilbon ikasten baitu. Patxada handiz iritsi nintzen. Etxera igo eta, atea irekitzerakoan, zerbait susmagarri nabaritu nuen. Batetik, gela guztiak itxita iren (normalean ez ditugu ateak ixten); pasabideko ate bat itxita zegoen eta sukaldetik aire korronte handia zetorren. Nire anaiak berriz ere atea irekita utzi zuela pentsatu nuen, baina sukaldean sartzerakoan izugarrizko sustoa hartu nuen.  Nahasketa handia zegoen, sukaldeko balkoiko atea hondaturik... Bihotzondokoa izan nuen.

Makila bat hartu nuen (a zer inuzente!) eta gela batetik bestera joan nintzen. Gurasoen gelan izugarrizko nahaspila zen: kaxoi guztiak lurretik, armairuko gauza guztiak ere lurrean... Beno, ez nuen sekulan horrelakorik ikusi. Nire gelan bakarrik zenbait gauza ziren “hankaz gora”. Badirudi diruaren bila etorri zirela, eta nik, jakina, ba dirurik ez. Kezkatzen ninduen gauza bakarra musika ekipoa zen, nire urtemugan oparitakoa. Ez zen izugarrizko ekipoa, baina niretzat hoberena, noski (nuen bakarra, alegia)... Ondoren etxean guztiok lan egiteko dugun gelan sartu nintzen (etxeko lanak egiteko, ikasteko, interneten sartzeko...)...  Susmo handiz sartu nintzen, han egon behar baitzuen ordenadorea, inprimagailua, modema... eta gure lanerako denok behar dugun guztia. Baina ez, ez zuten ukitu.. kaxoi batzuk nahaspilaturik bakarrik... Gelan ez zuten ezer aurkitu, edo beranduegi zen dagoeneko...

Nik ezin nuen gehiago. Etxe alboko plazan dagoen Ualtzaingoarengana joan nintzen. Etxera etorri ziren. Ea zerbait ukitu nuen galdetu zidaten, eta nik ezetz, filmeko poliziek esaten dutena gogoratu nuela esan nien, eta ez nuela ezer ukitu.Beno, etxean ibiltzeko ezinbestekoa zena, bai. Orduan Ertzaintzari deitu zuten, eta bost minututan etxean ziren ere. Etxea miatu eta galdera batzuk egin zizkidaten. Datuak jaso, dei bat egin eta orduan beste bi ertzain agertu ziren. Marx anaien kamarotea zirudien nire etxea. Udaltzainak, lehen patruilako ertzainak, bigarrenekoak... Zur eta lur nengoen, eta ni bakarrik,  ahaztu egin baitzitzaidan norbait abisatzea. Hori zela eta, etxe-tresna elektrikoen dendakoak iritsi ziren, sukalde berriarekin. Nik etxean izan behar nuen haiek hartzeko. Egoera komikoa zen, sukaldea bete beterik zegoen, bertan Ertzaintzak operazio zentroa jarri baitzuen.

Etorritako azken ertzainak lanean hasi ziren: neurtzen, argazkiak ateratzen, miatzen, objektuak ikusten, aztarnak identifikatzeko laborategi txiki bat prestatzen... Imajina ezazu.

Azkenean nire gurasoak iritsi ziren, eta izugarrizko sustoa hartu zuten, noski. Egin zuten lehengo gauza zer izan zen? Ba dena ordenatu. Armairuak itxi, sukaltarripeko ateak itxi... Norbaitek zerbait esan arte. Mesedez, ez ukitu ezez! Orduan gelditu egin ziren eta alde batetik bestera ibiltzen hasi ziren. Ertzainek abisatu arte ezin genuen ezer jaso, ezer egin.

Azkenean etxetik irten ziren eta guk dena jaso genuen. Edozein gauzagatik egiten genuen barre, eta aldizka, gertatutakoa gogoratu eta hasarratzen ginen.

Hurrengo egunean gurasoekin joan nintzen Ertzaintzaren Komisaldegira, salaketa aurkezteko. Datu guztiak eskaini behar izan genituen: gertatutakoa, nabaritutako kalteak, objekturen bat falta zen ala ez, lapurraren susmoren bat genuen ala ez etab

Eta hau izan zen Ertzaintzarekin izan nuen lehen harremana, “protagonista” gisa. Egia esan, oso trebe eta jatorrak ziren. Ordurarte ez nituen hain hurbil izan inoiz ere ez, eta ez nuen uste horrela zirela...  Nahikoa?

 

 

Klasean komentatzeko zenbait galdera:

 

Antzeko egoerarik izan al duzu? Konta dezakezu?

Zer iruditzen zaizu gure protagonistaren jarrera?

Zer iruditzen zaizu interesgarriena edo bitxiena?

Eman dituen pausoak logikoak al dira? Beharrezkoak ziren pauso guztiak?

Udaltzaingoa hurbil ez izanez gero, zer egin zukeen Mikelek?

Zergatik da garrantzitsua salaketa formala egitea, Poliziak eman beharreko pauso guztien ondoren?

 

Zer uste duzu gertatzen dela salaketa egin ondoren?

 

 

Kontuan izan behar da ustezko delitu bat Ertzaintzari jakinaraztekoan, eginbideak burutzen direla.  Eginbideak zuzenean Epaitegira, edo aurrez ekintza talde batera bidaltzen dira, kasu honetan informazio gehiago jasotzeko.

 


© 2002 EDEX