3.    ESPERIENTZIA BIDEZKO EZAGUTZAREN GARRANTZIA, DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO IKASKETA-HELBURUAK LORTZEKO

 

Ezin daiteke esan ikasleek ez dakitela ezer Justiziari buruz, beti izaten baitituzte aurre-ideia batzuk, askotan gizartean zabaldutako topiko eta azalpen akultural eta atenporalak, mass media-k indartutakoak, horren bidez jasotzen baitute gehienbat ikasleek gizarteari buruzko informazioa.

 

Heziketa horretan esku hartzeko lehenengo urratsa ikasleek aurrez dakitena ezagutzea litzateke, gizarte-zientzietako kontzeptuekin zerikusia baitauka horrek. Beraz, unitate didaktiko hau hastean eta gauzatzean hori hartu beharko da kontuan.

 

"Justizia" unitate didaktiko honek helburu du, oro har, adin horretako ikasleek Justiziari buruz dituzten aurre-ideiak aldatzea eta ezagutza berriak bereganatzen laguntzea, horretarako aurrez zekitena hein handi batean ezagutzen ez duten errealitatearekin alderatzen lagunduz.

 

Unitate didaktiko honetako proposamen didaktikoek eskaintzen duten pedagogi laguntzaren bidez lortu nahi dena da ikasleek, ezagutza berria eraikitzeko, hasieran zuten informazioa aldatzea, aberastea, dibertsifikatzea eta berregokitzea. Edonola ere, aldaketa hori egin behar da bai aurre-ideien gain eta bai prozesuko beharrezko arrazoiketen gain. Horregatik, errealitate berriarekin eta neurri batean ezezagunarekin izandako esperientzia oinarrizkoa da prozesu hau gauzatzeko.

 

Unitate didaktiko honen bidez ikasleari eman nahi zaion hezkuntza-esperientziak lagundu behar dio berarentzat interesgarriak izan daitezkeen Justiziaren oinarrizko elementuak ezagutzen eta arlo horren inguruan ikasten jakiten.Izan ere, prozesu horren helburua da ikasleak bere kabuz Justiziara modu positiboan hurbiltzen ikastea.

 

Edonola ere, unitate didaktikoarekin lortu nahi dena da ikasleak ondo ikas dezala eta ikasitakoak iraun diezaiola, informazio berri horrekin berarentzat esanguratsuak diren ezagutza-eskemak eraiki ditzan eta esperientzia berri hori buruan gordeta gera dakion.

 

Unitate didaktiko honetako estrategia garrantzitsu bat ikaslearengan ikerketa sustatzen duena da, horretarako urrats orokor batzuk zehaztuz. Era berean, esperientziekin eskuratutako informazioa barneratzera bultzatzen duena, kasu honetan justizia-jauregi batera egindako bisita gidatuan ikasitakoa.

 

Estrategia horiek beharrezkoak dira kontzeptuak ulertzeko prozedura eta jarrera baliagarriak lortzeko, eta horiek gauzatzeko zenbait jarduera burutu behar dira.

 

Ikasleek, gure gizarteko funtsezko erakunde den Justizia ikertzean, esperientziaren bidez ikasten dute, irakasleek kontzeptuak eta prozedurak barneratzen laguntzen dietela.

 

Edonola ere, irakasleei azpimarratzekoa da, aurkezten diren materialek unitate bat osatzen duten arren, oso modu ezberdinean erabil daitezkeela hezkuntza-urrats honen zikloetako ikasketa-planaren programazio didaktikoan zehazten diren helburuen arabera. Horrela bada, jarduera batzuk aukera daitezke, beste batzuk aldatu, eta beste zenbait baztertu, kontuan hartuta egokiak diren ala ez, erakunde judizialetako bisita zein unetan egiten den eta aurretiaz aurreikusitako prozesu didaktikoan nola egokitzen diren.


© 2002 EDEX