1.     LEGE INGURUKO HITZAK

 

 

1. PROPOSAMEN DIDAKTIKOA

LEGE INGURUKO HITZAK

Proposamenaren helburua:

Ikasleak Justizia kontzeptura hurbiltzea, terminoaren ohiko adiera erabiliz eta kontsultako eta eztabaidako tresnez baliatuz.

 

Aurreikusitako jarduerak:

1.‑Hitz-jokoa

2.‑Kontzeptuak intuizioz eratzea

3.‑ Taldeak dakiena

4.‑Testu-iruzkina

5.‑Konstituzio-testuak

6.‑Justizia Autonomia Estatutuan

7. ‑Laburbilketa

DBHko lehen ziklorako jarduera egokienak:

 

Adin horretarako, 1. eta 2. jarduerak, 4. jarduerako testu bat eta 7. jarduera dira egokienak.

DBHko bigarren ziklorako jarduera egokienak:

Jarduera guztiak.

 

 

Irakasleentzako informazioa

 

Ikasleek egin beharreko hainbat jarduera proposatzen da. Materialaren parte bat “Ikasleentzako fitxen eranskinean” sartuta dago, fotokopiatu eta ikasleen artean erraz banatzeko.

 

 

 

1.1. Jarduera: Hitz-jokoa

 

 

1. urratsa: Hitz-jasa

 

Ikasleei "Post-it" txartel edo koadernotxo autoitsaskorrak banatuko zaizkie.

 

Hau da, hitzez hitz, egiteko aginduko zaiena: "«Justizia» terminoarekin zerikusia duten hitz guztiak idatzi, txartel bakoitzean bat."

 

1.     Hori egiteko 5 minutu emango zaie.

2.     Ariketa egindakoan lauzpabost laguneko taldetan bilduko dira.

3.     Idatzitako hitz desberdinak panel batean ipiniko dira.

4.     Ondoren, denon artean, agertzen joan diren hitz desberdinak arbelean itsatsi edo idatziko dira.

5.     Justiziarekin zerikusia dutenak apartatuko dira, antzeko grafia edo soinua izan arren zerikusirik ez dutenetatik bereiziz. Hori erabakitzeko, taldean eztabaidatuko da.

6.     Justiziarekin zerikusia dutenak aukeratuko dira.

 

 

2. urratsa: Hitzak erlazionatzea

 

1.     Ikasleei aukeratutako hitzekin grafiko bat egitea proposatuko zaie, bertan hauetako edozein tresna bidez hitzak erlazionatuz: diagramak, kontzeptu-zuhaitzak, etab.

2.     Talde bakoitzak grafiko bat egingo du.

3.     Bukatutakoan klasean aztertuko dira.

 

 

 

1.2. Jarduera: Kontzeptuak intuizioz eratzea

 

 

1. urratsa: Kontzeptuak definitzea

 

Hitzak eta horien arteko erlazioa zehaztu ondoren, hitzei definizio bana ematea proposatuko zaie. Definizioak taldeetan eztabaidatuko dira; eztabaida horietan ahalik eta gehien landuko dute sormena.

 

Modu horretan, taldeak Justiziari buruzko hiztegi “librea” egingo du.

 

2. urratsa: Kontzeptuak alderatzea

 

Erabilitako kontzeptuak osatuko dira, hiztegiaz baliatuz.

 

3. urratsa: Kontzeptuak ikastaldean egiaztatzea

 

Talde bakoitzak proposatutakoa egiaztatu ondoren, “behin-behinean” adostutako definizioak egiteko proposatuko zaie ikasleei. Definizio horiek etengabe egiaztatuko dira, justizia-jauregiko bisita prestatzean, bisitan bertan eta ondorengo hausnarketan.

 

 

 

 

 

1.3. Jarduera: Taldeak dakiena

 

 

1.     Justiziako kontzeptuez dakitena ikusiko da. Ez zaie azterketa bat jarriko, helburua da ikasleek berek Justiziarekin zerikusia duten terminoen inguruan dakitena azter dezatela.

 

2.     Hori aztertutakoan, emaitzekin grafiko bat egingo da, eta hortik ondorioztatu, Justizia zer den eta herritarrei zer erakusten dien ezagutzea komeni ote zaien. (2.1.3. jarduera)

 

1.3. jardueraren emaitzak:

 

1:abokatua/ 2:akusatua/ 3:astungarria/ 4:erasoa/ 5:alebosia/ 6:erailketa/ 7:aringarria/ 8:zitazioa/ 9:demanda/ 10:difamazioa/ 11:maula/ 12:falta/ 13:fidantza/ 14:fiskala/ 15:giza hilketa/ 16:ebasketa/ 17:sua ematea/ 18: indemnizazioa/ 19:kaudimen-gabezia/ 20:epailea/ 21:judizioa/ 22:zinpekoen epaimahaia/ 23:zina/ 24:askatasun baldintzatua/ 25:bidegabe eralgitzea/ 26:miatzeko agindua/ 27:zin faltsua egitea/ 28: prebarikazioa/ 29:frogak/  30:porrota/ 31:lapurreta/ 32:bahiketa/ 33: epaia/ 34:bortxatzea.

 

 

 

1.4. Jarduera: Testu-iruzkina

 

Bi testu proposatuko dira, eta bakoitzak iruzkina egin ondoren, horien inguruko eztabaida piztuko da. (2.1.4. jard.).

 

Eztabaida egin aurretik, bakoitzak egindako testu-iruzkinak komentatuko dira taldeka.

 

Irakasleak gero egingo den eztabaidarako argudioak bilatzeko ikuspegiak proposatuko dizkie taldeei:

 

A taldea. "Egintza legezkoa izan arren gerta daiteke zuzena ez izatea" defendatzeko argudioak.

B taldea: "Egintzak legezkoa izan behar du zuzena izan dadin" defendatzeko argudioak.

C taldea: "Egintza zuzena ez bada, legearen aurkakoa izan behar du nahitaez" defendatzeko argudioak.

D taldea: "Legearen aurkako egintza ez da inoiz zuzena" defendatzeko argudioak.

 

Eztabaida aurkeztuko da, talde bakoitzak ordezkari bat duela. Galdera hau egingo da:

 

 

"¿Legezko eta zuzen terminoak beti dira baliokideak?"

Eztabaidaren amaiera:

 

Arbelean bilduko dira “Justizia” hitzaren adierek izan behar dituzten ezaugarriak, Justiziak helburu hauek bete ditzan:

 

·        Justizia bertute gisa

·        Justizia erakunde gisa

·        Justizia jarduteko modu gisa

 

 

 

1.5. Jarduera: Konstituzio-testuak

 

 

Jarduera honen helburua ikasleek 1978ko Konstituzioari buruz gehiago jakin dezatela da.

 

Beti dago gainerako legeen oinarri den funtsezko lege bat. Lege horrek Konstituzio izena dauka, eta bertan gizartearen antolaketa politikoa ezartzen da. Legeen lege honek idatziz aitortzen ditu abiapuntu eta helburu duen gizartearen balore moralak, eta, beraz, gizarte honetako kide guztiek onartu beharreko erreferentzia politikoa da. Konstituzioa lege politikoa da, ez morala, baina badu eduki etikoa.

 

Ikasleei eskatuko zaie testu honetan Zuzenbideari, Legeari eta Justiziari buruz dauden erreferentzia guztiak bilatzeko eta konstituzio-testu honen esanahia aztertzeko.

 

1978ko Konstituzioa edo testu egokiren bat edukitzea komeni da, batez ere VI. Titulua, botere judizialari buruzkoa.

 

Hausnartzeko proposatzen dena Ikasleentzako Fitxen Eranskineko 2.1.5. jardueran jasota dago.

 

 

 

1.6. Jarduera: Justizia Autonomi Estatutuan

 

 

Ikasleei Euskal Autonomi Estatutua emango zaie, edo, behintzat, horren III. Kapitulua (EAEko Justizia Administrazioari buruzkoa) (2.1.6. jard.)

 

 

 

 

1.7. Jarduera: Laburbilketa

 

 

Ikasleei eskatuko zaie, jarduera guztietan landutako alderdiak kontuan hartu eta Justiziari buruzko ikuspegi orokorra eman dezatela: zertan oinarritzen den, nondik datorren, nola dagoen antolatua, etab.

 

Ondoren, horma-irudiak egin daitezke taldeka, Justiziaren adiera ezberdinen ikuspegi orokorra ikusteko.


© 2002 EDEX