GLOSATEGIA

 

Glosategi honi, ikasleriaren beharren arabera, hitz gehiago erantsi ahal zaizkio. Burutuko den lanaren eskakizunen arabera, fotokopiatu eta ikasleriari eman dakioke.

 

.

 

Akzio

Sozietate anonimo baten kapitala osatzen duten parte bakoitza da. Enpresa baten inbertitu ahal izateko akzioak erosi behar dira. Enpresak etekinik izatekotan, akziodunek ere horien atal bat jasoko dute. Akzioen kotizazioak gora edo behera egiten du enpresaren errentagarritasunaren arabera eta egunkarien ekonomia sailetan egunero agertzen da.

 

 

 

Arrisku-hartzea

Enpresa/pertsona ekintzaileen ezaugarria da. Aukera ezberdinak taxutu ondoren, postura finantzarioak, teknologikoak, antolakuntzazkoak, merkataritzazkoak, etab. egitean datza, garapenaren gehikuntza, aberastasun sortzea eta elkarlehiaren areagotzea bideratzen dutelarik.

 

 

Erabateko Kalitatea

Erabateko Kalitatearen funtsa bezeroen beharrizanen betetzea da. Halere, bezeroak, enpresaren kanpokoak soilik ez direla esan beharra dago. Enpresaren barruan ere, bezeroaren atsegina ziurtatzerakoan, ez dugu azken hartzailea soilik kontutan izan behar. Alderantziz, enpresa barneko edozein parte-hartzailek, enpresaren beste kide batzuentzat zerbitzu hornitzailearena egin dezake eta, aldi berean, zerbitzuak eskaintzen dituen enpresako beste kideren baten bezero bihur daiteke. “Erabateko Kalitateaz” hitz egiterakoan, funtsezko filosofia honen inguruan ari gara.

 

 

 

Euskal Katalogo Industriala

Euskal Autonomia Erkidegoan kokatzen diren enpresa guztiei buruzko informazioa batzen duen datu-basea da. Gai hauei buruzko informazioa biltzen du: elkarte-izena, merkataritzako izena, IFK, helbidea, langile kopurua, fakturazioa, esportazioa, oinarrizko jarduera, Interneteko helbidea, marka erregistratuak, ekintza eta produktuak... Eusko Jaurlaritzaren web orrian kontsulta (eta deskarga) daiteke.

 

 

 

Kalitate-Zirkulu

Enpresaren barne, hamar profesionalek edo gutxiagok osatzen duten Kalitate Elkartea da. Eremu berean egiten dute lan eta, aldizka, bildu egiten dira, beren lanarekin zerikusia duten arazoak antzeman, aztertu eta konpontzeko.

Kalitate Elkarteek, enpresa barruan hobekuntzak lortzea dute helburu nagusitzat.

 

 

 

Klusterra

Kokagune hurbilak dituzten enpresa taldea da. Hauek, sektore baten lan egiteko edo produktu jakin bat fabrikatzeko harremanetan jartzen dira. Talde honek mulko bat osatzen du, garapena eta elkarlehiaren sustatzailearena egin dezakeen “klusterra”.

 

 

 

Kanpo Merkataritza

Beste herri batzuekin egiten den jarduera ekonomikoa, ondasun batzuen elkartrukatzea helburutzat duelarik.

 

 

Enpresa Batzordea.

Enpresako langile multzoaren edo lan zentroko langileen ordezkari den elkargoaren organoa. 50 langiletik gorako zentzua duten lan zentroetan eratzen dira.

 

 

 

Hitzarmen Kolektiboa

Lan eta ekoizkortasun baldintzak finkatzeko langileen kolektiboaren ordezkariek eta enpresariek sinaturiko ituna. Izenpetutako betebeharren bidez, lan-bakea ere arautu ahal izango dute.

 

 

 

Elkarlehia

Enpresa bat, bai barne merkatuan, bai nazioarteko merkatuan elkarlehian aritzeko gai egiten duen ezaugarria.

Elkarlehia mantentzeko, eguneroko lan trinkoa ezinbestekoa da, produktua, kalitatea, merkatua, finantzaketa, teknologia eta antolakuntzaren kudeaketaren inguruko jarduera ezberdinen bidez.

Errealitatearen aurrean beti tentsioaren menpe jokatzea eta berrikuntza eta aldaketen aurrean pentsamolde irekia izatea beharrezko dira horretarako.

 

 

 

Kooperatiba

Sozietate Kooperatiboa enpresa eredu demokratikoa da, bazkide bakoitzak boto bat daukan neurrian. Enpresa mota hauek, kide egitea eta borondatezko baja hartzea libre dela ezarri dutelarik, interes edo behar ekonomiko berdinak dauzkaten pertsonak batzen dituzte.

Kooperatiba mota ezberdinen artean (Kontsumitzaile eta erabiltzaile-kooperatibak, etxebizitza-kooperatibak, nekazaritza-kooperatibak, zerbitzu-kooperatibak, kreditu-kooperatibak, etab.) gehien ikus daitezkeenak, “Lan elkartukoak” deritzenak dira.

 

 

 

Kreditua

Gero atzera itzuliko den baldintzapean ondasunak erosteko maileguz ematen den diru kopurua.

 

 

 

Langileen eskuordeak

10retik 50 langileraino duten enpresa edo lan zentroetako langileen ordezkari dira. Seitik hamar langileraino dituzten enpresa edo zentroetan ere langileek, eskuorde bat izan dezakete, gehiengoak hala erabakiz gero.

 

 

 

Industria, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Bere eskumenen kudeaketa egokia ziurtatzeko Eusko Jaurlaritza osatzen duten hamar Sailetako bat da.

INDUSTRIA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILAK honako Eginkizun eta jardunaldi hauek ditu:

Politika industriala; Berrikuntza teknologikoa; Meategiak; Energia; Artisautzaren suspertze eta sustapena; Telekomunikabideak; Kanpo Merkataritzan, jarduera-lerroen finkatzea, zuzentzea eta koordinatzea; Nekazaritzaren eta nekazal inguruaren sustapen eta antolamendua; Baliabide Naturalen antolamendua eta naturaren iraupen zerbitzua eta baso-zerbitzua; Abeltzaintza eta mendiak; Aberastasun zinegetikoa eta ibaietako arrain-hazkuntzazko aberastasunaren ustiapen araubidea; Arrantza, industria eta nekazaritza, arrantza eta elikadura gaien merkaturatzea; Nekazaritzako elikagaien gaineko politika: nekazaritzako elikagaien sustapena, tipifikazioa, jatorri-izena eta kalitate kontrola; Mahasgintza eta enologia; Nekazaritzako eta itsas-arrantza hezkuntza; Nekazaritzako eta ozeanografia ikerketa.

 

 

 

Merkatu- ekonomia

Ekoizpen eta elkartrukatzea jarduerak ekimen askeen esku uzten dituen jabetza pribatuan oinarritiko sistema ekonomikoa.

 

 

 

Gizarte ekonomia

Gizarteko eta ekonomia gertaeren arteko loturak aztertzen dituen Ekonomia Zientzien alorra.

 

Kooperatibagintza, Euskal Herrian oso errotua dagoena, eta Lanerako Sozietate Anonimoak, gizarte ekonomiaren barne sartzen dira. Azken hauek, enpresaren jabetzaren sozializazioa, eta enpresaren erabaki-hartze nagusien prozesuan, jabedun langileen esku-hartzea dakartzate.

 

 

 

EFQM

Erabateko Kalitatearen Kudeaketa Eredu Europarra da. Eredu hau ebaluazio sistema bat da eta bere azken emaitzak, ebaluazioa osatzen duten atalen ondorioak dira. Batez ere, honako hauek osatzen dute: Langileriaren atsegina, Bezeroaren atsegina, Gizartearenganako eragina eta Enpresaren emaitzak.

 

 

 

 Inportazioak/ Esportazioak

Inportazioak, herri batek beste batzuei erosten diena dira; esportazioak, ostera, besteei saltzen diena. Nazioarteko merkataritzari esker, herri batek ekoizten duena sal dezake, horrela, ezin dezakeena produzitu, erosi ahal izateko. Herri batek nahikoa ekoizten ez duenean, maileguak eskatu behar ditu beren inportazioak ordaintzeko.

 

 

 

Inbertsioa

Enpresa baten jartzeko, edo kapital-ondasunak edo hornigaiak erosteko erabili daitekeen dirua kopurua.

 

 

 

Pertsona fisikoa

 

 

 

Pertsona juridikoa

 

 

 

Mailegua

Pertsona batek (mailegu-emailea) beste bati (mailegaria) zerbait ematean sinatzen den ituna, zerbait horretaz baliatu dadin, erabili ondoren bueltan itzuli behar duelarik.

 

 

 


 Aberastasuna

Herri baten aberastasuna ekoizpen faktoreen araberakoa da, baliabide naturalak, kapitala eta eskulana, esate baterako. Herri batzuek, mineral erreserba kantitate handiak izan ditzake, ikatza, petrolioa, urrea eta kobrea, adibidez. Beste batzuek, diru kopuru handiak izan ditzakete, kapital finantzarioaren moduan edo oso prestaturik dagoen langileriaren moduan. Beste batzuek, gainera, enpresa ekimen nabarmena eta elkarlehia garrantzizkoa dutela ager dezakete. Baliabide hauen bidez, bai herri baten barne, bai mundu osoko merkatuan merkataritzan jardun daiteke.

 

 

 

Sail Sindikalak

Sindikatu baten afiliatutako langileek, enpresa edo lan zentroaren eremuaren barne, Sindikatuaren Estatutuetan finkatutakoaren arabera, sail sindikalak eratzeko aukera dute. Sindikatu adierazgarrien eta enpresa batzordeetan ordezkaritza duten atal sindikalek, negoziaketa kolektiboan jarduteko, informazioa hedatzearren iragarki-taula batez baliatzeko eta lokal egoki bat erabiltzeko eskubidea dute.

 

 

 

Industria/ Bigarren Mailako Sektorea

Ekoizpen sektore hau lehengaietaz baliatzen da beste produktu batzuk sortzeko. Adibidez: Makina-erreminteta, autoak, autobus eta kamioiak, untzigintza, bizikletak, telebista eta irratiak, telefono eta telekomunikabideak, irrati eta erdieroaleak, zementua, etab.

 

 

Lehen Mailako Sektorea

Oinarrizko lehengaien erauzketan jarduten den sektorea da. Hauetariko batzuk aipatzeko: nekazaritza, basogintza, arrantza eta meagintza

 

 

 

Zerbitzuen Sektorea/ Hirugarren Mailako Sektorea

Sektore honek, produktuak ezean, zerbitzuak eskaintzen ditu. Adibidez, banka, aisialdia eta turismoa. Hedatzen ari den sektorea da.

 


 Sindikatua

Historian zehar beraien bizitza baldintzak hobetu dituzten langileen erakundeak.

 

 

 

Sindikatu adierazgarriena

Estatu mailan, langileriaren ordezkarien, enpresa batzordeen kideen eta herri administrazioei dagokien organoetako guztien 10% osatzen duten sindikatuak dira.

Autonomia Erkidego mailan, gutxienez, eremu horren barneko langileriaren ordezkarien, enpresa batzordeetako langileen ordezkarien eta herri administrazioei dagokien organoetakoen 15% osatzen duten sindikatuak. Azken hauek, ordea, 1500 ordezkaritik gora behar dute izan eta ezin dute estatuko mailako erakunde sindikalekin federatuta egon.

 

 

 

Sozietate Anonimoa (S.A.)

Akzioetan bananduriko kapital berezkoa duen Sozietatea. Honek, merkataritza industria baten ustiapenari ekiten dio eta gizarte-zorrak direla eta, bazkideen erantzukizun mugatuaren printzipioa du oinarritzat.

 

 

 

Lan-Sozietate Anonimoa

(L.S.A.)

Elkartuko lan enpresak dira. Sozietate anonimo hauetan, iraupen zehaztugabeko lan-harremanetan beren zerbitzuak eskaintzen dituzten langileek, sozietatearen kapitalaren 51%-ren jabe dira, gutxienez. Bestalde, bazkide orok, sozietatearen kapitalaren 25%a besterik ezingo du erabili.

 

 

Sozietate Mugatua (S.M.)

Erantzukizun mugatua duen sozietatea. Hasieran elkar ezagutzen duten kideek sortzen duten sozietate anonimoa da (ondorioak: herri-harpidetzaren falta, bazkide kualitatearen eskualdakortasun eza). Bere funts ekonomikoa sozietate anonimoaren araubide zorrotza eta bere eraikuntzaren gastu altuak saihestean datza. Oztopo hauek alderatzean, gizarteko enpresa txikientzat hurbilago egiten duen erantzukizun mugatuaren abantaila nabarmena mantentzen du.

 

 

 

SPRI

Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua. SPRIk, herrian aberastasunaren eta lan-postuen sortzea bultzatuko duten baldintza multzoa garatzeko asmoz, gizarteko, ekonomia eta politika eragileengan, lankidetzaren inguruko jarrera eta aribideak sortu eta finkatu nahi ditu. Konpromiso hau funtsezko hiru ardatzen inguruan oinarritzen da: inguru lehiakorra bideratzearen alde egitea; enpresaren egiturazko eta antolakuntza aldaketen sustapena, eta lan-postuak sortzeko gaitasuna duten enpresa proiektu berrien suspertzea.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

© 2002 EDEX